oct 192012
 

Oroituko zareten moduan, aurtengo martxoan, 44 irrati lizentzia emateko lehiaketa abian jarri zuen Nafarroa Gobernuak. Lehiaketa honen harira Eguzki irratiak helegitea jarri zuen 24/2012 foru legearen kontra, gure ustez ikus-entzunezkoen komunikazio lege orokorraren urratzea ematen zelako. Era berean lizentzia bat eskatzen genuen, irrati komunitario gisa .

Geroago, Nafarroako gobernuak ez zuen aintzat hartu helegite hura, ulertzen zutelako foru legea aplikatzeak ez zigula kalterik eragiten. Gainera, erabaki hartan ez zuen deus ere esaten gure irrati lizentziaren eskaeraren inguruan, nahiz eta 7/2012 ikus-entzunezkoen lege orokorrak horrelako irrati komunitarioen zerbitzuak onartu.

Bestalde, ekainean, Kultura, Turismo eta Instituzio Harremanen Sailak foru orden bat jakitera eman zuten non ezetz esaten zioten Eguzki irratiak eskatutako irrati lizentziari, irrati komunitario gisa.

Erabaki honen aurrean, uztailean, Eguzki irratiak helegitea jarri zuen, ulertuz foru orden hura, denboraz kanpo iritsia zela, zeren eta legeak hiru hilabete eman behar ditu erantzun ahal izateko, eta gure eskaeraren ukapena ematen dela behar bezalako prozedura egin gabe, zeren eta deus ukatu baino lehen, Foru Gobernuak estatuari eskatu behar dio zerbitzu hauetarako herri eskupeko egokitzea.

Azkenik, irailean Nafarroako Gobernuak ezetz esan dio Eguzki irratiaren azken helegiteari, esanez, nahiz eta foro ordena denboraz kanpo egon, legeak honako salbuespenak babesten dituela eta, gainera, irrati komunitario gisa lizentziak eman ahal izateko, aldez aurretik estatuak irrati-uhinetarako espektroa egokitu behar duela.

Eguzki irratitik prozesu hau guztia aztertu dugu, irrati komunitario gisako lizentzia eskatu genuenetik. Gure ustez Nafarroako Gobernua ez da ausartzen funtsezko gaia jorratzera, pilota estatuaren teilatuan utziz. Funtsezko gaia komunikabide komunitarioak esistitzeko eskubidea da, lizentziekin edota legez arautuak, Nafarroako gizartearentzat adierazpen askatasun osoa bermatu ahal izateko.

Bide horretan zerbait egin dugu edota egiten ari gara ongi 30 urtetako gure ibilbide honetan, informatzen eta bestelako komunikabide bat (interes politiko, ekonomiko edo beste motatakoei lotuta egon gabe) posiblea dela erakutsiz. Eta horretan jarraituko dugu, lizentziarekin edo lizentziarik gabe.

Sorry, the comment form is closed at this time.