sep 282012
 

Eguzki irratiak, Iruñeko irrati libreak, 30 urte beteko ditu Nafarroako dialean datorren abenduan, eta urriaren 1etik aurrera hasiera emanen dio 2012/2013 denboraldi berriari, irratsaioen eskaintza zabalarekin. Dakizuen moduan, FMko 107n Iruñerrian edo www.eguzki.net helbide elektronikoaren bidez entzun daiteke.

Pasealeku magazina, Fertxu Izkierdo esatariaren eskuz, irailean jarri zen martxan, aurredenboraldia eginez, baina orain denboraldi ofizialari ekinen dio, Iruñerriko albisteak eskaintzeko asmoz, baita Sakanakoak, Iturmendiko Eztanda irratiarekin dugun kolaborazioari esker, Sakanan ere Pasealeku emititzen baitute. Beraz, irailean motorrak berotu ostean, Pasealekuren 4. denboraldia hasiko da, mota eta eduki guztietako sekzio berriekin. Besteak beste 30 urteurrenaren inguruko elkarrizketa saila egonen da, edo zientzia edota ekonomiaren inguruko sail berriak ere, betikoez gain, noski.
Pasealeku astelehenetik ostiralera entzun daiteke goizeko 11etan zuzenean eta edozein unetan gure webgunearen bidez www.eguzki.net.

Bestalde, goizetan Suelta la olla magazina egonen da entzungai, Euskal Herri mailako eta nazioarteko aktualitatea jorratuz. Arabako Hala Bedi eta Bilboko Tas Tas irratiekin batera egiten dugun magazina da Suelta La Olla eta astelehenetik ostiralera entzun daiteke goizeko 10etan eta eguerdiko 12etan, betiko sekzioekin eta hainbat berrikuntzekin.

Bestelako programazioari dagokionez berrikuntza ugari dago. Astean zehar programazio zabala egonen da goizeko 8etatik gaueko 12ak bitartean eta asteburuetan goizeko 11etatik arratsaldeko 4ak arte eta arratsaldeko 8etatik gaueko 11ak arte. Orotara 36 irratsaio dira, mota guztietako edukinekin, baita musika mota ezberdinetakoak ere, euskaraz zein gaztelaniaz. Horietatik 19 irratsaio Eguzki irratian bertan egindakoak dira. Besteak Arrosa sarekoak.

Eguzki irratiko irratsaio berriak honako hauek dira: “El ateneo del makarreo”, rockaren munduaren gaineko bitxikeriez; “Intifada global”, nazioarteko eta militarismoaren aurkako magazina; “Onda interoceánica”, Hego Amerikaren gaineko saioa eta “Lagrimas de lluvia”, bizi-lekukotasunen ingurukoa. Era berean aipatu behar da bi irratsaioen itzulera: “Rebel music”, musikaren historia sozialaren inguruan; eta “Por la sombra”, komik, literatura eta zinemaren gaineko magazina.

Gogorarazi behar dugu gure webgunea www.eguzki.net etengabe berritzen ari garela, informazioa edota ikus-entzunezko aukera ezberdinekin, eta bertan irratia zuzenean entzun daiteke edota irratsaio ezberdinen podcastak entzun edota jaitsi, baita gure programazio guztia kontsultatu.

Ikasturte hau berezia izanen da Eguzki irratiarentzat 30 urte beteko baititugu eta, urteurrena hau, ekimen eta proiektu ezberdinekin ospatuko dugu, bereziki abenduaren 15ean, irratia jaio zen egunean.

Azkenik aipatu behar da eguzkideei esker iritsi garela honaino, haien aportazio ekonomikoari esker lortu baitugu 30 urte hauek uhinetan betetzea, bestelako komunikazio mota ahalbideratuz. Hala eta guztiz ere, egungo egoera ekonomikoak egoera benetan zailean uzten ari gaitu eta, momentuz, proiektua arriskuan ez badago ere, eguzkide berriak behar ditugu lehenbailehen. Horretarako nahikoa da www.eguzki.net helbidean sartzearekin edota 948 20 32 58 telefonora deitzearekin.

Sorry, the comment form is closed at this time.