feb 162012
 

Iruñeko irrati libreak, Eguzki irratiak programazioa berrituko du datorren otsailaren 20tik aurrera, ekaina bitartean, 11/12 denboraldiaren barruan.

Berrikuntzen artean, azpimarratzekoa da hainbat musika-irratsaio berri izanen dugula, ordutegi berri bat zabalduz. Irratsaio berri hauek guztiak astelehenetik ostiralera izanen dira entzungai, arratsaldeko 3etan edota gaueko 10etan (errepikapena).

Bestetik esan behar da Eguzki irratian bertan ekoiztutako hiru irratsaio berri izanen ditugula: “Salam station”, musika-irratsaioa, jamaikar erritmoak jorratuko dituena, astelehenero arratsaldeko 3etan, “Uhin beltzak”, informazio-magazina, asteartero arratsaldeko 6etan eta, azkenik, “Evil Imbarders”, metal klasikoa musikaz arituko dena, asteazkenero arratsaldeko 3tatik aurrera.

Gainera, Arrosa sareko beste hiru saio berri egonen dira entzungai Eguzki irratiko dialean: musika beltzazko “Swing doinuko gauak”, punk musikaz “Bidasoa attak”, eta nazioarteko magazina “Mundu hotsak”.

Bestelako irratsaioei dagokienez, etengabeko programazioa entzun daiteke astelehentik ostiralera goizeko 8etatik gaueko 12ak bitartean. Eta asteburuan goizeko 11etatik arratsaldeko 6ak arte eta arratsaldeko 8etatik gaueko 11ak arte. Orotara 35 irratsaio dira, mota guztietako edukinekin eta mota guztietako musika estiloekin. Programazio erdia, gainera, euskaraz. Eta bertako ekoizpenari dagokionez 20 dira Eguzki irratiak egindako saioak, eta besteak Arrosa sarekoak.

Era berean gogorarazi nahi dugu www.eguzki.net webgunearen bidez irratia on-line eta zuzenean entzun daitekeela, munduko edozein txokotan, edota gure “podcast”ak jaitsi daitezkeela. Bertan ere ikusgai dago gure programazio guztia eta berritua.

Azkenik, Eguzki irratitik deia egiten dugu gure proiektuarekin ekonomikoki bat egiteko, oraindik ez baikara iritsi 500 eguzkide izatera, antenan ziurtasunez jarraitu ahal izateko. Badakizue horretarako gure web horrialdea daukazuela edota honako telefono hau: 948 203258.

Sorry, the comment form is closed at this time.