dic 052011
 

25 orduko otoitza proiektuaren salbamerako.

Eguzki irratia aspaldi ari da jakinarazten arrisku egoeran dagoela, proiektua bultzatzen duten bazkide kopuruaren jaitsieraren ondorioz. Proiektuari eutsi ahal izateko, gutxienez 500 eguzkide behar ditugula aipatu dugu behin eta berriz baina, kopuru hori lortu ez ezik, azken urte honetan bazkide kopuruaren mailaz mailako jaitsiera eman da, krisiaren eraginez batez ere.

Gaur egungo egoera larria eta presakoa da, defizita txiki bat baitago, komunikazio proiektu osoa kolokan jartzen duena, zeren eta gastuak diru sarrerak baino handiagoak badira, denbora gutxian proiektua ez da iraunkorra izanen. Batez ere eguzkideen beheranzko joera aldatzen ez badugu.

Urteak dira, jadanik, eguzkideak lortzeko mota guztietako kanpainak egiten ari direla, Eguzki irratiaren aldeko laguntza ekonomiko iraunkorra lortzeko asmoz. 500 eguzkide horiek lortu ezean eta, munduko krisi ekonomikoaren testuingurua kontuan harturik, bururatu zaigun irtenbide bakarra OTOITZ EGITEA izan da.

Horrela izanda, hurrengo abenduaren 16an, Eguzkiren aldeko Munduko Jardunaldia (EMJ) antolatu dugu, bertan 25 orduko otoitza zuzenean eginen dugu, proiektuaren salbamenerako, ostiraleko goizeko 11etatik, larunbata (abenduak 17) eguerdiko 12ak arte, etengabe. Irrati maratoi honen bitartean, otoitz egiteaz gain, entzuleen ontasunari gomendatuko gara, eguzkide egin daitezela eta irratiaren etorkizuna ziurtatzeko miraria lor dezagun. Horretarako nahikoa izanen da 948 22 07 58 telefonora deitzearekin eta, gainera, programazioa bukatzean hainbat sari zozketatuko ditugu egin berri direnen eta dagoeneko direnen eguzkideen artean.

Jardunaldiaren amaiera gisa, abenduaren 15an irratiaren 29. urteurrena denez, larunbatean, abenduaren 17an, gaueko 21.30etan urteurren-afaria eginen dugu, Bullicio peñan. Otorduan izanen ditugu: zizka-mizka ugari, lehen plater goxoa, postrea, kafea eta kopa, 15 euroren truke eta giro ezin hobean. Afarirako txartelak Alde Zaharreko Herriko Tabernan har daitezke, abenduaren 16ra arte.

Bukatzeko, ongi dakizuenez, Eguzki irratia FMko 107n entzun daiteke Iruñerrian edota www.eguzki.net-en bidez mundu osorako. Beraz, hargailuaren edo ordenagailuaren beste aldean itxoiten zaituztegu hilaren 16an eta espero dugu zuen parte hartzea.

Sorry, the comment form is closed at this time.